Aldudeko Eliza

Eliza
Aldude

Aldudeko eliza herriaren gaineko aldean da. Andre Dena Mariari eskainia zako. XVII. mendearen hondarrean eraiki zuten, eta Frantziako Iraultzaren denboran suntsitua izan zen. Beraz, oraingo eraikina XIX. mendearen erditsukoa da, atariko arkuan ageri den «1846» idazkunak dioen bezala.
Aldudeko “Andre Dena Mariaren” eliza gotorra eta laukizuzena da. Ezkila dorre karratua badu, arbelezko punta batekin.
Barnean, bi estaiko galeriak baditu, zur zizelkatuz eginak, euskal herriko elizetan usaian diren bezalakoak. Alabainan, mezan, gizonak goiti joaiten ziren, galerietarat, eta emazteak, aldiz, beherean egoiten ziren. Orain, bakotxak hauta dezake norat joan nahi duen.
Hilerrietan, euskal estiloko XIX. mendeko hilarriak badira. Horietarik biga 1805ekoak dira.
Elizan, historia zaleeri gustatuko zeen berezitasun arraroa bada: Maximiliano enperadorearen, arrosarioa!

MAXIMILIANO AUSTRIAKOAREN ARROSARIOA:

1863ko uztailaren 9an, Mexikok, gerla zibil baten ondotik, Frantsesen, Ingelesen eta Espainolen interbentzioa pairatu zuen. 1864ko ekainean, Napoleon III.ak sustaturik, Maximiliano Austriakoa Mexikoko enperadore bilakatu zen. Haren emaztea Karlota Belgikakoa zen.

Baina laster, Frantziak Maximiliano bere gisa utzi zuen eta bere armada Mexikotik erretiratu zuen. Karlota enperatriza Europan aliatuak atxemaiterat entseatu zen… Bainan ez zuen kausitu. Vatikanoan erotu zen. Maximiliano garaitu zuten, hiltzerat kondenatu eta, 1867ko ekainaren 19an, fusilatu zuten. Haren azken hitzak «Gaixo Karlota» izan ziren.

Maximilianoren puskak antxeretan saldu zituzten. Aldudar batek urrezko arrosarioa erosi zukeen eta Aldudeko elizari eskaini. Urteetan, Ama Birjinaren estatua prozesioan ateratzean, arrosario hori Ama Birjinaren lepo edo beso inguruan ezartzen zuten.

 

Azpimarratzekoa da arrosorio horrek zazpi hamarreko badituela. Arroxelako zilargin batek arrosarioko bihier ontsa so egin dee eta, higadura markak badituela oharturik, otoitz egiteko baliatua izan dela erran du.

Arrosarioa ikusi nahi baduzu, hobe haren zaindaria, Etcheverry jaun erretorea, aitzinetik abisatzea.

 

Amenities