The Blog

Mediabask artikulua

«Orain marraztu, komeni zaizun moduan, non dagoen muga zuretzat». Inork ez zuen margo gorria hartu haien aitzinean zen mapan Frantziar eta Espainiar estatuak banatzeko. Azaroaren 17an, ostiral batez, Kintoa inguruko (Aldudeko ibarra, Erroibar, Esteribar, Auritze, Luzaide-Arnegi) 20 bat lagun Urepelen elkartu ziren, Mugalur elkartearen lehen atelier parte-hartzailearen deialdiaren erantzunez.

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK), Cederna-Garalur elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV-EHU) bultzaturik, Euroeskualdearen laguntza ekonomikoarekin, biztanleen mugaz gaindiko usaiak eta etorkizunerako dituzten nahiak neurtzeko asmoa bada, «mugaz-gaindiko lurraldea eraikitzeko». 2023ko azaroa eta 2024ko ekainaren artean, 9 atelier eginen dira Frantziar eta Espaniar estatuen arteko muga trebeskatzen duen lurraldeko leku desberdinetan. «Zuei dagokizue, biztanle, ezagutza hori sortzea, eta gero gure ikerketarako erabiliko dugu», azaldu zien atelierrean bildu pertsonei Elena Casiriain antropologian doktore eta Mugalurreko koordinatzaileak.

Oztopoak eta hobekuntzak identifikatu

Margoak eta haien bizi haranaren mapa garbiak eskura, parte-hartzaileak gomitatuak dira, lehenik lanera, erosketak egitera, lagunak ikustera, aisialdirako edota mediku hitzorduetarako joaten diren lekuak erakustera. Gero, eztabaida hasten da mugaz gaindiko aktibitateak izateaz oztopatuak diren edo ez. «Partekatu imajinarioen estandarizazioak espainiar eta frantziar estatu eskalan areagotu egin du ‘mugaren’ errola: gero eta gehiago dira Baztan harana eta Madril edo Larraine eta Parise artean partekatzen diren erreferentziak, Ezterenzubi eta Orbaizetaren artean baino», adierazi du IEHGK-k.

Beste atelier batzuk ere iragan dira Orbaizetan eta Izaban. 2024ko datak laster izanen dira publiko eta xehetasunak IEHGKren webgunean dira eskuragarri.